Avatar artistabar

EUSKAL HERRIA

Euskal Herriaren izenean jokatu ezean, Iranen aurkako partidara ez direla agertuko ohartarazi dute futbolariek

Heldu den abenduaren 23rako San Mamesen Iranen eta euskal selekzioaren artean antolatu den partida dela-eta, euskal futbolariek oharra kaleratu dute eta bertan ohartarazi dute Euskadi izenarekin jokatzea "atzera pausoa" litzatekeela. Euskadiko Futbol Federazioak bere erabakia zuzentzen ez badu, partida ez dutela jokatuko jakinarazi dute. 165 futbolari eta futbolari ohiek egin dute bat idatziarekin.

Euskadiko Futbol Federazioak (EFF) Euskadi-Iran partida iragarri ondotik etorri da euskal futbolarien idatzia, eta afera horren inguruan beren hausnarketaren berri eman nahi izan diote euskal gizarteari.

Athletic, Reala, Alaves, Baiona Aviron, Angelu, Eibar, Osasuna eta beste talde batzuetako 165 futbolari eta futbolari ohiek egin dute bat agiriarekin, bai gizonezkoak bai emakumezkoak.

Agirian gogora ekarri dute futbolariek "gurenazioa munduaren aurrean ordezkatzeko dugun nahia eta borondatea argiki plazaratu" izan dutela urtez urte antolatu diren lehia desberdinetan, eta bide horretan eman diren urratsak "nabarmenak" izan direla, azkena iaz.

Gaur egun Euskal Herri osoko futbolariak biltzen dituen futbol federaziorik ez dagoen arren, nazio mailan aritzen diren gizonezko jokalarien zerrenda osatzerakoan zazpi herrialdeetako futbolariak hartzen direla kontuan oroitu dute, eta iazko urratsa, Euskal Herriko selekzioaren izenean jokatzea, zentzu horretan ulertu behar dela diote.

Azaldu dutenez, irailean EFFko ordezkaritza batekin bildu ziren Gabonetako partidari begira egoera aztertzeko. Diotenez, bi aukera jarri zizkieten mahai gainean: "bata, aurten iazko aurrera pausoari muzin egin eta Euskadi izenarekin jokatzea, eta bestea, hori onartu ezean, aurten partidarik ez jokatzea".

EFFko ordezkariek bi aukera horiekin "erabat ados" ez zeudela esan zieten futbolariei, "baina ez omen zuten beste irtenbiderik".
Jokalarien iritziz, gaur egun "euskal kirolariak batuko gaituzten federazio nazionalik ez egoteaz gain, EAEKo federazioetatik ez dago borondate eta asmorik norabide horretan pausoak emateko". Are gehiago, norabide horretan emandako aurrera pausoetan "atzera" egin nahi dutela uste dute.

"Ez gaude prest atzera egiteko"
Futbolarien aburuz, "gaur egun izenaren aitzakian atzera egin nahi dutenek, bihar osaketaren baitan ere atzera egin eta EAEko selekzio bat osatu nahiko dute agian".

Jokalariek ohartarazi dute ez daudela prest atzera egiteko. "Guk zazpi herrialde eta 21.000km² osatzen duen nazioa ordezkatu nahi dugu eta horrek gaur eta orain Euskal Herria izena du", nabarmendu dute.

Iaz, gogoratu dute, EFFk eta jokalariek hala adostuta, euskal selekzioak "aurrera pauso bat eman zuen Euskal Herria izena bere eginaz". Horregatik, aurten Euskadi izenarekin jokatzea "atzera pausoa" litzatekeela iritzi diote. Ildo horretan, "atzera egitera" zergatik "behartu" nahi dituzten galdetu dute.

Agirian argi utzi nahi izan dute ez dutela atzera egingo. "Gure hitzari eta konpromisoari eusten diogu Euskal Herriaren eta zaleen aurrean. Gaur arte eginiko bideari eutsi eta aurrera pausoak emateko prest gaude. Aukeratuak izaten garen heinean, partidak jokatzeko prest gaude, hori da gure nahia", azaldu dute.
Fubolarien esanetan, EFFko ordezkariek "bazekiten" Euskadi izenarekin berriro jokatzeak "aurten partidarik ez jokatzea ekar zezakeela" eta, hortaz, aurreko urtean adostutako erabakiari eusteko eskatu diete.

"Beraiek hartu dute atzera egiteko erabakia, beraiek dira emandako hitza bete ez dutenak eta, orain, haiei dagokie zuzentzea. Hala ez bada, gu ez gara partida jokatzera joango. Eta beraiena izango da ardura", diote idatziaren amaieran.

Futbolarien agiria www.naziobatselekziobat.org webgunean ere eskuragarri dago.




On November 13 2008 30 Views






Loading ...