Hainbeste jende sartzen dute noizbehinka norbaitek atera behar duela!
Joan den igandean, Igor Zearreta 'Bobi' preso politiko zornotzarra
espetxetik atera zen bi urtez preso egon eta gero. 'Bobi' 2005 maiatzean
atxilotu zuten Guardia Zibilak burututako polizia-operazio batean. Bost
egunez inkomunikatuta izan zuten eta torturatua izan zen. Bermepean aske
geratu zen, baina 2007ko abenduaren 17an Ertzaintzak atxilotu egin zuen bi
urteko espetxe-zigorra bete zezan. Aipatzekoa da kartzela-zigorrak bi
urtekoak direnean espetxera joatea ekiditen dela, baina kasu honetan
epaileak salbuespena egin eta 'Bobi' preso eraman zuten. Bi urte horietan
Basaurin, Villabonan (Asturias) eta Monterroson (Galizia) egon da
dispertsatuta; azken presondegi horretan, gainera, isolatuta izan zuten.
Igandean autobus bat abiatu zen Zornotzatik Monterrosora. Kartzelako atarian
zegoela, suziriak, besarkadak, barreak... nagusitu ziren. Une berezia izan
zen. Zornotzara arratsaldeko 7etarako iritsi zen autobusa. Ordurako 300 bat
lagun elkartu ziren Ogenbarrena auzoan 'Bobiri' lehen harrera egiteko.
Zanpantzarren artean eta ikurrinez ingurutatua heldu zen 'Bobi'. Orduan ere
suziriak eta txalo zaparradak ez ziren falta izan. Nolanahi ere, momenturik
hunkigarriena aurreskuaren unea izan zen, baita txapela jarri ziotenekoa
ere.
Handik manifestazioa egin zen eta 'Bobik' herritarren berotasuna eta
elkartasuna jaso zuen. Ondoren, txalaparta hotsen eta bertsoen artean bere
argazkiak kendu zituen. Irakurketa politikoaren ostean Igorrek esker on
hitzak izan zituen, baina aipamen berezia egin zuen espetxean utzi dituen
lagunentzat, Zornotzako presoentzat eta haien senideentzat.
*Zornotzako Amnistiaren Aldeko Mugimendua*
On December 09 2009
24 Views